San Tomas jaia Euskal Herriko hiri eta herri askotan abenduaren 21ean egiten den baserritarren feria eta jaia da.
Historian baserri-feriaren egun bat zen, baina gaur egun euskal baserriaren kultura jai bat bihurtu da, eta baserriko produktuak erakutsi eta salgai jartzen dira kalean helburu horretarako dauden salmenta-postuetan. Baserri-produktuen lehiaketak ere izaten dira. Ohikoa da, San Tomas jaian, txistorra eta taloa dastatzea, sagardoarekin batera. Jaia girotzeko eta ospatzeko asko izaten dira jantzi tradizionalak janzten dituztenak.
Batzuek feria honen jatorria XIX. mendean jartzen dute, baina Arrasateko Udaletxeko dokumentu batek dioenez, jaia 1351. urtetik ospatzen da herrian. Garai hartan feriak hiru egun hartzen zituen, abenduaren 21etik-23ra, eta 22an izaten zen erromeria egiten zenean. Horrexegatik, gaur egun, Santamasak egun horretan ospatzen da.
Baserritar asko maizter (errentari) bizi ziren euren baserrietan, eta aldiro errenta ordaindu behar izaten zioten nagusi edo jabeari. Errenta ordaintzeko eguna San Martin (azaroaren 11) izaten zen, baina azkenean San Tomas egunera arte luzatzen zen epea. Egun horretan baserritarrak hirira jaisten ziren errenta ordaintzera, eta, bide batez, euren produktuak (barazkiak, kapoiak, oilaskoak…) saltzera eta beste batzuk erostera. Gainera, hirietan bizi zirenek gabonetan zehar jango zituzten jakiak erosten zituzten. Denborarekin, lehiaketak eta guzti antolatzen ziren, zein baserrik gaztarik, txakolinik edo txerririk hoberena zuen ikusteko.
Guk ere gure eskolan, ohiturari jarraituz, San Tomas ospatuko dugu, baina ez 21ean, 20an baizik, egun horretan Gabonetako oporrak hartuko ditugu-eta. San Tomas egunak ondoren etorriko den eguberriko egutegia zabaltzen baitu. Beraz, ospakizun bikoitza ikasle eta irakasleentzat.
Eta zer egingo dugu? Egun berean ekintza ugari burutuko dira ikastetxean zehar, alde batetik, Lehen Hezkuntzakoak, ete bestetik DBHkoak eta Batxilergokoak.
Hauxe izango da Lehen Hezkuntzakoen egitaraua:
Ø Gelak eta apalak txukundu.
Ø Meza (4., 5. eta 6. mailakoak).
Ø Gabon kanten lehiaketa.
Ø Txistorra dastaketa.
Ø Soka-tira erronka.
DBHkoek eta Batxilergokoek egingo dutena berdin samarra izango da, baina desberdintasun bat ere badago: ikasle zaharrenek egun hau aprobetxatzen dute beraien Gabon jaialdia ospatzeko. Oholtzan musika emanaldiak, txiste saioak, imitazioak etab. ikusteko parada izango du jangelara bertaratzen denak.
Jardunaldia 12:15ean amaitutzat emango da. Ikasle guztiak autobusa edo autoa hartzera abiatuko dira, oporrak buruetan dituztela. Irakasleok, berriz, urteari amaiera emateko (ekintza hau ere ohikoa denez), adiskidetasunezko bazkaria ospatuko dugu ikastetxean bertan.
Eguberri zoriontsua eta urte berri ezin hobea opa dizkizuet!
Recent Comments