Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, EUSKARALDIA ekimena bukatu zitzaigun. Egun horretan, ERAINen ekimenean parte hartu dugunok hamaiketako goxo baten inguruan bildu ginen, bizitako esperientziak partekatuz.

Argi dago EUSKARALDIAK arrakasta handia lortu duela. Datu objektiboek horrela erakusten dute. 220.000 herritarren parte-hartzea ez da txantxetakoa. Antolatzaileek espero zutena baino askoz handiagoa izan da.Halaber, parte-hartzaile horien jardunak txaparik gabeko herritar asko ere zipriztindu dituenez, ekimenaren eragina zabalagoa izan delakoan nago.

Zenbakiak alde batera utzita, bakoitzak baloratu beharko du ekimenaren arrakasta. Ikasleei denetarik entzun diet. Batzuek asko nabaritu dutela dioten bitartean, beste batzuk ez dira hain baikorrak izan. Dena den, garbi geratu da ERAINgo ikasleak horrelako ekimenetan parte hartzeko gai direla.

Izan ere, EUSKARALDIAK kontuan hartzeko moduko erantzuna izan du ikasleen artean, batez ere, batxilergoko 2. mailan. Pozgarria izan da euskara maila oso ezberdina duten ikasleak txapa soinean ikusi izana, Euskaran oso nota onekoak eta txarrekoak animatu baitira BELARRIPREST zein AHOBIZI izateko.

Irakasleen artean ere, arrakastatsua izan da, zalantzarik gabe. Hizkuntza ohiturak aldatu egin ditugu irakasle batzuen arteko harremanetan. Inoiz baino euskara gehiago entzun dugu irakasleon jantokian, irakasle eta langileen arteko elkarrizketetan…

Eta hemendik aurrera, zer? Baikor izateko unea delakoan nago. Ea beldurra kentzeko balio digun, euskaraz ari direnei ulertzeko gai garela erakutsi baitugu.