|
|
Bideogintza:
urratsak
Bideo hauek gauzatzeko egitaraua, kasuan kasuko
irakasgaiaren eta ikasleen egoerari moldatu behar da. Ondo egin
ahal izateko, hasi baino lehen “aldez aurreko urrats”
batzuk finkatu behar dira, nahitaez. Eskuratutako ezagutza aditzera
ematea da helburuetako bat, eta horretarako beharrezkoa da bideoa
egin aurretiko ikerketa lana.
Bideo bakoitzaren eginkizunak honako aldi
hauek izan behar ditu:
- OINARRIAK JARTZEA: Gaiari buruzko ikerketa
burutu eta idaztea, bibliografia eta erabilitako materiala sartuz.
- SINTESIA: Ikerketa lanaren sintesia edo laburpena
egitea. Sarrera laburra idatzi behar da, gaia erakutsiz eta alderdi
garrantzitsuenak azpimarratuz. Azken batean, bideoaren audioa
idaztea da kontua. Labur izatea garrantzitsua da (isil uneak izan
behar baititu bideoak irudiak nabarmentzeko), baita irudietan
ikusten den gauza berbera ez esatea.
- STORYBOARD: Grabatu aldiak, planoak eta enkoadraketak
diseinatzea, sintesian pentsatutakoaren araberakoa izan daitezen.
Grabatu aldi orokorrak, xehetasunak eta abar antolatzea. Bideoak
jorratzen dituen edukiei buruzko irudiak hartzen direla bermatzeko
egiten da antolaketa hau. Storyboard behar den bezala egin ezean,
irudiak eta narrazioa zerikusi gutxi dutela ikusiko da. Artxibo
honek, lana egiten lagunduko dizu.
- AZTERKETA ETA BIGARRENEZ LANTZEA: egitasmoaren
aurreneko hiru urratsak emandakoan, ikasleek irakasleari aurkezten
diote beren lana. Dokumentuak formatu elektronikoan bidaltzea
da hoberena. Proiektuaren ardura duen irakasleak ordura arte egindakoa
aztertzen du eta behar diren iradokizunak eta aldaketak egiten
ditu.
- FILMAKETA: une honetantxe, ez lehenago, ematen
zaio hasiera filmaketari. Ikasleek planifikatutako lanera mugatu
behar dute: horrela teknologia erabiltzeak sor lezakeen barreiatzeko
arriskua saihesten da. Aurreko urratsak ongi burutu dituenari
bakarrik uzten zaio filmatzen. Edozein arrazoirengatik ikasle
talderen batek ez balu bere lana bukatuko, ordura arteko lana
nahikoa izango litzateke ebaluatu ahal izateko, beste taldeak
bezalaxe. Talde bakoitzari zinta bat dagokio, eta filmatzeko denbora
jakin bat (arratsalde bat edo bi, gehienez).
- EDITAKETA: Irudiak grabatutakoan muntaketari
ekiten zaio. Bideoaren hari narratiboari lagunduko dioten efektu
eta trantsizioak egiten dira.
- AUDIOAREN GRABAKETA: Azkenik, azpiko musika
eta azalpen egokiak eransten dira. Irudiekin bat egiten duen musika
aukeratzea garrantzitsua da; ahal izanez gero, letrarik gabekoa
izan behar du; bestela, esatariaren ahotsarekin batera entzutean
azkeneko honek gardentasuna galduko luke. Musika hutsa duten tarteak
sartzea ere komenigarria da, ikusleari irudiak lasai ikusteko
aukera ematearren. Narrazioak ez du irudietan ikusten dena kontatu
behar, baizik eta informazio gehiago eman eta ikusiko dena azaldu.
Beren eskolako lanak bideo formatuan egin ahal izateak ikasleengan
sortu duen motibazioa harritzekoa da. Saio orduen probetxua espero
zitekeena baino askoz ere hobea izan da. Gainera, bideoa egin
aurretiko urratsek ikerlanaren seriotasuna bermatzen dute. Guztien
ilusioa da bideoa ikusgarria gertatzea, eta horrek eragina du
lan jardunean.
|
|
Zer egiten
da etxean eta zer ikastetxean?
Irakasle bakoitzak –zentroko
baldintzen arabera– jardueraren antolakuntzan
kontutan hartu beharko du bere esku duen ekipamendua, jarduera horretan
emango duen ordu kopurua, zenbat ikaslek hartuko du parte, eta abar.
Guk bideogintzan gela osoak parte har dezan
erabaki dugu. Gelako ikasle kopuruaren arabera, bi edo hiru ikasleko
taldetan banatu ditugu. Jarduera antolatzeko modua desberdina izan
da irakasle bakoitzarekin. Hauek izan dira hiru modu sarrienak:
- Diziplinarteko Astea: irakasgaien martxa gelditu
egiten da ikastetxean, eta bi, hiru edo lau egunetan garatu behar
dute diziplinarteko lana. Urtean behin egiten den jarduera da.
Gela bateko ikasleek bideo zientifiko bat filmatu behar zuten.
Irakasleak zenbait jarduera antolatu zituen aste horretarako:
bibliografiaren laguntzaz gaiari buruz azterlana egitea, sintesi
bat burutzea, erabili behar ziren programen ikasketa, burutu behar
zen praktikaren prestakuntza laborategian, filmaketa, eta abar.
Fase guztiak klase garaian garatu ziren.
.
- Lau klase: irakasle batzuek gertuagotik jarraitu
nahi dituzte lana, eta zenbait egun gordetzen dituzte horretarako:
- Lehenengo saioan burutu beharreko eginkizuna azaltzen da, lanak
izan behar dituen faseak, erabiliko dituzten bibliografia, eta
abar. Ondoren, oinarritze lanari ekiten diote ikasleek.
- Bigarren saioa bideoaren prestaketan ematen dute, osorik: oinarritzea,
sintesia eta storyboarda. Lanak eskaintzen dizkiotenean, irakasleak
berehala aztertzen saiatzen da.
- Ikasleek bideo-muntaiaren programa ezagutu ezean, hirugarren
saio bat ematen da programa ikasten edo errepasatzen.
- Ikasleek bere kontu jarraitzen dute lana: kamerak txandaka eramaten
dituzte, eta irudiak filmatutakoan astebeteko epea dute bideoaren
muntaia egiteko. Irakasleak beste ordu bat uzten die ikasleei
(ahotsa jartzen bukatzeko, azkeneko ukitua, eta abar).
.
- Klase bat edo bi: klase bat edo bi bakarrik
erabiliz ere egin daiteke bideo bat. Gelan egin beharrekoa honetan
baitatza: eginkizuna azaltzea eta muntaia-programa erabiltzen
irakastea.
- Lehenengo saioa jarduera azaltzeko da: jarraitu behar diren
faseak, epeak, ekipoak erabiltzeko taldeen txandak…
- Bigarrena, bideo editatze-programa nola erabili azaltzeko izan
daiteke. Inoiz erabili baldin badute, ez da beharrezkoa, jakina.
|
|
Zenbait aholku
erabilgarri:
- Faseak antolatzea, aztertzea, entregatzea.
Garrantzitsua da, proiektua aurrera aterako bada, antolatutako
guztia zentroaren eta irakasgaiaren baldintzei egokitua egotea.
Lehen aldia bada, normala da garbi ez edukitzea ikasleak proiektua
aurrera eramateko gauza izango diren: ondo antolatuta baldin badago,
harritu egingo zara egin dezaketena ikusirik.
- Entrega epe finkoak; inor aldez aurretik jarritako
epean bukatu gabe geldituko balitz, eta horrenbestez bideoa burutu
gabe, landutakoaren arabera ebaluatzen da; aparteko ezustekorik
ezean hobe da eperik ez aldatzea.
- Gidatu, bideratu, baina bakoitzari, berak nahi duen
moduan, lan egiten uztea: bideoa egitean askatasun handia
eman.
- Behin bideoak burututakoan, saio bat izan
bideo guztiak ikus daitezen eta irakasleak edukiei buruz eta itxurari
buruz bere azalpenak eman ditzan: azalpen hauek oso erabilgarri
izango dira ikus-entzunezko hizkuntza nolakoa den irakasteko.
|
| |
|
|