Urtarrilaren 28an, First Lego League (FLL) lehiaketarako Euskadiko lehen fasera iritsi ginen urduri xamar, lau hilabeteko prestaketaren ondoren. Fase horretako partehartzaileak 500 ikasle baino gehiago izan ginen, 6 eta 16 urte bitartekoak.

Topaketa, Euskaltelen egoitza nagusian (Bilbon) izan zen. Horrek arazoa sortu zigun. Izan ere, larunbatean, goizeko 08:00etarako bertan egon behar ginen. Hala ere, lortu genuen bezperan joatea eta Bilbon lo egitea. Benetan ondo pasa genuen.
Behin Bilbora iritsita, lehiaketaren prestaketan murgildu ginen. Pozez gainezka iritsi ginen Euskaltelen egoitzara eta guztiz txunditu ginen bertako giroarekin eta jendearen urduritasunarekin. Talde guztien aurkezpen-hitzaldiaren ondoren, PIT eremuan kokatu ginen. Bertan, talde bakoitzak bere mahaia du lanean jarduteko lehiatzeko garaia iritsi arte. Nerbioak eta ilusioa gailentzen ziren gure lehenengo urtean; dena berria baitzen guretzat.
Robotaren frogan parte hartu genuen. Robotak hainbat proba gainditzea lortu behar genuen eta nahiz eta oso urduri egon, 60 puntu lortu genituen. Lehenengo urtea izateko, ez genuen sailkapen txarra izan, 16.a 42 parte-hartzaile artean. Egitasmo zientifiko eta diseinu teknologikoaren aurkezpenak ere egin genituen epaimahai zorrotz baten aurrean. Eta eskatutako atal guztietan emaitza oso onak lortu genituen. Gainera, aurkezpen horietara edozein bertaratu zitekeen eta, zuzenean, robotaren jokoa jarraitu zezakeen.
Baina probak ez ziren lehiakideentzat bakarrik. “Opengune” eremuan, prestatutako ekintzen bidez lehiakideen senitartekoek, lagunek eta ezagunek ere zientzia, teknologia eta berrikuntzarekin probatu zezaketen. Adibidez, polizi-txakur baten lana ikusi, errealitatea areagotzeko betaurrekoak probatu edo dron baten azken modeloaren hegaldia ikusi.
Zalantzarik gabe, hitzordu hori esperientzi zirraragarri, atsegin eta berritzailea izan zen. Era berean, taldean ikasteko oso baliagarria izan zen. Horregatik, espero dugu datorren urtean jarduera errepikatzea.
Idatzita: NICOLÁS MUÑOZ